Urtetan, telebista izan zen gurekin mahaira eseri zen lehen pantailetako bat. Haren aurrean jatea ohiko bihurtu zen. Gero, bideo-jokoak, ordenagailuak, telefono mugikorrak… iritsi ziren, eta, pixkanaka, bazkaltzeko, askaritarako eta eguneroko beste une askotarako lagun ere bihurtu ziren.
Denborarekin, ikusten hasi gara elikadura eta pantailen arteko harreman hori ez dela neutroa. Eragina du nola jaten dugun, janariarekin nola erlazionatzen garen, mahaia nola partekatzen dugun eta familian nola lotzen garen.
Izan ere, elikatzea ez da soilik elikagaiak irenstea. Esperientzia da, emozioa da, elkarrizketa da, presentzia da.
Hitzaldi honetan galdera nagusiak jorratuko ditugu:
- Jatea eta elikatzea gauza bera al dira? Nola eragiten diote pantailek janariarekin dugun harremanari?
- Zer eragin dute gazteengan?
-Nola eragiten dute mahai inguruko familia-dinamiketan?
-Zer egin dezakete familiek etxean ohitura osasungarriagoak sortzeko?
Gurasoei eta aitona-amonei zuzendutako saioa da, elikaduraren inguruko konexio- eta kontzientzia-guneak nola berreskuratu hausnartzeko.